Larrabetzuko udala eta herriko patchwork taldea oihalezko maskarak josteko sare bat sortzen dabiltza, larrabetzuar guztiek oihalezko maskara bat izateko. Udalak deialdia zabaldu die herritarrei, nahi duenak laguntza emateko. “Josteko makina baduzu eta proiektuan parte hartu nahi baduzu, mezu bat bidali helbide honetara: larrabetzukolagunsarea@gmail.com”, esan dute bando batean. Gainera, telefono honetara deitzeko aukera dago: 684 450 667.
Udalak argibide guztiak emango dizkie parte-hartzaileei: materiala, patroia, tutorialak, banaketa… Proiektua martxan jartzeko, material bila ere badabiltza: batetik, izarak edo oihal zatiak (kotoikoak, % 100ean) behar dira; eta bestetik, gomak, edozein xingola-goma. Materiala udaletxean utzi behar da, horretarako atonduko den kutxa batean, ordutegi honetan: martitzenetan eta eguaztenetan, 9:00etatik 13:00etara bitartean eta 17:30etatik 20:00etara bitartean. Bertara eraman ezin duenak lehen aipatutako telefonora deitu ahal du eta norbait joango da materialaren bila. “Auzolanean aurrera egingo dugu!”, aipatu dute bandoan.
Koronabirusaren gaineko azken datuak Txorierrin hemen