Koronabirusa

Astelehenean irekiko dute Larrabetzuko anbulatorioa

Aikor aldizkaria 2020ko mai. 26a, 16:31

Koronabirusaren haritik itxialdia agindu zenetik Larrabetzuko anbulatorioa itxita egon da, baina Osakidetzak jakinarazi duenez, datorren astelehenean, ekainaren 1ean, irekiko dute. Hasiera batean, astean hiru egunetan egongo da zabalik: astelehenean, martitzenean eta barikuan. Era berean, martitzenean eta barikuan ere hasiko dira ohiko analitika-zerbitzua eta elektrokardiogramak egiten.

“Medikuntzako eta erizaintzako paziente guztiak hitzordua modu ez-presentzialean hartzea da gure asmoa, profesionalak berak erabakiko du zein paziente bertaratu beharko diren anbulatoriora”, esan du Pilar Echevarria Villegas Galdakaoko ospitaleko Lehen Mailako Arreta unitatearen buruak udalari bidalitako gutun batean. Medikuak segurtasun-neurriak ere aipatu ditu. “Zentrora sartu ahal izateko, aurretik hitzordua hartu beharko da. Ezinbestekoa izango da maskarak erabiltzea eta gure zentro guztien sarreran egongo den gel hidroalkoholikodunarekin eskuak garbitzea”.      

Hainbat larrabetzuar kezkatuta agertu ziren, anbulatorioa itxita zegoelako eta hori jakinarazi zioten Udalari. Herriko agintariek, halaber, gutuna bidali zioten Osakidetzari, informazioa eskatzeko. Eta erantzuna gaur heldu da. “Covid19 pandemiak ekarri dituen ziurgabetasun eta osasun ereduaren aldaketaren aurrean gure erabiltzaileei ahalik eta zerbitzurik onena ematen saiatzen gara”, idatzi du Echevarriak. Azken bolada honetan, Galdakaoko ospitalean artatu dituzte larrabetzuarrak.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).