“Pandemiak 2.000 lagun hil ditu Euskal Herrian eta oraindik ez da bukatu. Udalaren betebeharra da herrikide guztien segurtasuna bermatzea, eta gure esku dagoen neurrian, bide horretan jardungo gara. Herritarren segurtasuna lehenetsiko dugu; eta, hori bermatzen ez duen zerbitzurik ez da emango”, argudiatu dute herriko agintariek.
Udalak esan du igerilekua irekitzea gaur egun garestiegia dela. “Gaur egun dagoen protokoloak ezinezko egiten du, Larrabetzu bezalako herri txiki batek zerbitzu hori ematea. Igerilekua zabaltzeak dakarren gastuari aurre egitea ezinezkoa da”. Izan ere, gehieneko edukiera % 30ekoa izan beharko da, hau da, txanda bakoitzean 40 lagun sartuko lirateke igerilekuetan. Horri gaineratu behar zaizkio beste neurri batzuk: kontrola, sarreran eta irteeran; instalazioa etengabe desinfektatzea; eta segurtasun-tarteak zorrotz mantentzea.
Udako aisialdiari dagokionez, udalak adierazi du ez dela ekintzarik aurreko urteetan antolatu diren era berean egingo. “Aisialdi-elkarteekin batera egoera aztertzen gabiltza. Eta, Larrabetzuko haurrek gozatzeko ekintza puntualak antolatzen saiatuko gara, beti ere era kontrolatuan”.