Larrabetzuko Uda Programan ekainaren 22ra arte eman ahalko da izena

Aikor aldizkaria 2020ko eka. 15a, 10:34

Udalak jakinarazi duenez, udalekuak lau urtetik 12 urtera bitarteko umeentzat dira, eta parte-hartzaileak hiru taldetan banatuko dira: Gaztelu (2015-2013 urteen artean jaiotakoak), Gaztelumendi (2012-2010) eta Bizkargi (2009-2007). Ekintzak udal-eskolan egingo dira eta aurten ez da txangorik izango. Bestalde, udalekuak fase bitan antolatuko dira: uztailaren 6tik 17ra, Gaztelu taldea; eta uztailaren 20tik 30era, Gaztelumendi eta Bizkargi taldeak. Guztiek ordutegi bera izango dute: 10:00etatik 14:00etara.

Udaleku irekiak izango dira, aste barruan egingo dira, eta nahi duenak aste bi aukeratu ahalko ditu. Gainera, lehentasuna aste bietarako izen-ematea egiten dutenek izango dute. COVID-19aren harira, osasun sailak eta adituek egindako gomendioak hartuko dira kontuan: fase bakoitzeko lau talde osatuko dira eta talde bakoitzak eskolako toki berean garatuko du programa osoa; talde bakoitzean beti pertsona berberak egongo dira: 10 partaide eta begirale bat; taldeak ez dira inoiz elkartuko; eta partaide batek COVID-19aren sintomak balitu, gainerakoek ere ezin izango lukete programan jarraitu.

Izen-ematea ekainaren 22ra arte egin ahalko da Anguleri kultur etxean edo liburutegia@larrabetzu.eus helbide elektronikora mezua idatzita. Hauek aurkeztu beharko dira: udal-webgunean dagoen izena emateko fitxa, umearen osasun-txartelaren kopia eta kontu korrontearen zenbakia dagoen agiriaren kopia. Beste aldetik, lekua mugatua denez, alderdi hauek hartuko dira kontuan eskaerak aztertzeko orduan: umea Larrabetzun erroldatuta egotea edo hango eskolan ikastea; izen-ematea ezarritako epean egin izana; eta aurreko urteko kanpainan parte hartu bazuen, gutxienez saioen erdira joan izana. Nolanahi ere, eskaera baino leku gehiago egonez gero, ekainaren 24an zozketa egingo litzateke, 11:00etan, Anguleri kultur etxean. Horren harira aipatu beharra dago familia bateko ume batek lekua eskuratzen badu, familia horretako ume guztiek automatikoki eskuratuko dutela partaideen zerrendan sartzeko aukera.  Onartutakoen behin-behineko zerrenda ekainaren 26tik aurrera ipiniko da jendaurrean, Anguleri kultur etxean, ludotekan eta udal-webgunean.  

Udalekuek prezio hauek izango dituzte: aste bat, 50 euro erroldatuentzat eta 75 euro erroldatu gabeentzat; eta aste bi, 75 euro erroldatuentzat eta 95 euro erroldatu gabeentzat. Diru-sarrerak bermatzeko errenta edo beste dirulaguntza bat jasotzen duten familiek % 50eko beherapena izango dute ume bakoitzeko; eta hiru seme-alabatik gorako familiek, % 20ko beherapena ume bakoitzeko. Larrabetzuko eskolan ikasten duten umeek herrian erroldatuta baleude bezala ordainduko dute.

Argibideak emateko batzarra ekainaren 30ean, 19:00etan, egingo da udaletxeko bilkura-aretoan. Informazio gehiagorako: 944 558 271 (Anguleri) eta liburutegia@larrabetzu.eus.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).