Elkarretaratzera deitu dute gaur arratsalderako Larrabetzun, asteburuan herrian izandako eraso sexista salatzeko

Aikor aldizkaria 2020ko eka. 30a, 13:17

Azaldu dutenez, neska larrabetzuar batek salatu du herriko mutil batek sexualki jazarri duela. Sexu-jazarpena zapatuan izan zen eta, udal-gobernuko kide batek lagunduta, neskak salaketa domeka goizean ipini zuen Ertzainaren Galdakaoko polizia-etxean.  Eraso sexista salatzeko, elkarretaratzea egingo da gaur, ekainak 30, 20:00etan, plazan.

Iñigo Gaztelu Larrabetzuko alkatearen esanetan, udalak sexu-jazarpenaren berri izan bezain laster eraso sexisten kontrako protokoloa ipini zuen martxan eta, halaber, babesa adierazi zien neskari eta bere familiari. Bestalde, adierazpen instituzionala egin du herrian gertatutako eraso matxista gaitzesteko. “Ezin dugu onartu, inondik inora ere, gure herrian horrelako erasoak gertatzea”. Bestalde, eta aipatutako protokoloari jarraituta, udalak baliabide psikologikoak, juridikoak eta ekonomikoak ipini ditu neskaren eskura, halakorik behar izanez gero.

“Larrabetzuko  Udalak, indarkeria matxista publikoki eta gogor salatzeaz gain, emakumeen kontrako indarkeria matxista behin betiko bukatzeko duen konpromiso sendoa berresten du. Emakumeek emakume izateagatik jasaten duten indarkeria estrukturala da, eta guztion ardura da horrekin amaitzea.  Halandaze, Larrabetzuko  Udalak ozen adierazten du, batetik, pertsona guztiok dauzkagula eskubide berberak, eta, bestetik, hori hala izan dadin bere esku dagoen guztia egiteko konpromisoa hartzen duela. Larrabetzuko Udalak errespetu eta tratu oneko elkarbizitza sustatzeko eta emakumeen kontrako edozein indarkeria ekiditeko lan egiten du”, adierazi dute dokumentuan.

Twitter gizarte-sarean irakurri dugunez, Zutunik herriko elkarte feministak ere elkartasuna adierazi dio neskari, eta erasotzaileari aurrean izango dituela ohartarazi dio.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).