Ordenantza berriei ekarpenak egiteko aukera Larrabetzun

Aikor aldizkaria 2020ko ira. 17a, 16:27

Larrabetzuko Udalak jakinarazi duenez, urrian 2021erako ordenantza fiskalak onartuko dira. Aurten, dirulaguntza berriak eta udal-zerbitzuak arautzeko, ordenantza berriak proposatu dira eta horiek www.larrabetzu.eus webgunean kontsulta daitezke. Ordenantzak urriaren 21ean eztabaidatuko dira udal-batzordean, eta hilaren 28ko osoko bilkuran onartuko dira. Herritarrek ekarpenak egin ahal dituzte udaletxean bertan, posta elektronikoaren bidez edo telematikoki.

Datorren urtera begira, eta gaur egungo aparteko egoera kontuan hartuta, gobernu-taldeak udal-tasak eta prezio publikoak izozteko proposamena egingo du. Bestalde, ordenantzen bidez hurrengo gaiak ere arautu nahi dituzte: gazteek etxebizitza alokatzeko dirulaguntza, lehen sektorerako dirulaguntzak, tximiniak garbitzeko dirulaguntzak, autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak, gazteen lokalak eta hilerriko zerbitzu eta leku publikoaren erabilera.