Udal-bulegoak Errebale jauregira eramango ditu Larrabetzuko Udalak

Aikor aldizkaria 2020ko urr. 29a, 08:45

2019-2023 aldirako inbertsio-planean jaso den moduan, Larrabetzuko gobernu-taldeak udaletxea osorik konpontzea du lehentasuntzat. Azaldu dutenez, COVID-19aren eraginez, egitasmoa urtebete atzeratu egin da. Hala ere, eta 2021a “denontzat urte gogorra izango” den arren, espero dute proiektua martxan jartzea eta eraberritzeko lizitazioa prestatzea. Lanak 2022an hastea aurreikusi dute, eta haien ondorioz udal-bulegoak Errebale jauregira eramango dira.

“Hornitzaileekin harremanetan jartzen hasi gara azpiegitura prestatzeko. Asmoa da, eraikin zaharreko altzariak erabilita, ahalik eta inbertsio txikiena egitea eta datozen 3-4 hileotan zerbitzuak eraikin berrian martxan jartzea”. Esandakoaren arabera, 40 urtean udaletxean egin den inbertsio bakarra 2015ean izan zen eta orduan teilatua konpondu zen. “Eraikinak egiturazko arazoak ditu eta ez ditu oinarrizko irisgarritasun-arauak betetzen”. Bestalde, hurrengo asteetan, udal-ordezkariek Errebale jauregiko zerbitzuak erabiltzen dituzten elkarteekin hitz egingo dute euren jarduerekin jarraitzeko aukerak aztertzeko.