Udalbiltzak euskara hutsean sortutako kultura bultzatuko du

Aikor aldizkaria 2020ko abe. 3a, 11:39

Udalbiltza euskal udalerrien partzuergoak Geuretik Sortuak proiektua aurkeztu du Durangon. Horrek euskara hutsean sortutako literatura, antzerkigintza eta zinemagintza sustatzea du helburu, eta 2021ean eta 2022an garatuko da. Egitasmoan Euskal Herriko 23 udalerrik hartuko dute parte eta horietako bat Larrabetzu izango da.  

Udalbiltzak argitaratutako oharraren arabera, euskara hutsean sortzen eta hedatzen den artea gero eta urriagoa da. “Bi estaturen artean eta hiru administraziotan zatituta dagoen lurraldea izateak arazoak baino ez dizkio ekarri euskal kulturaren sormenari, hedapena normaltasunez bideratu ahal izateko”, esan du Koro Etxeberria Hernaniko Kultura zinegotziak eta Udalbiltzako kideak. Egoera horri buelta emateko, Udalbiltzak bere indarguneak eta tresnak erabiliko ditu: udalerriak.

Proiektua lau fasetan garatuko da. Lehenengoa irailean hasi eta abenduan amaituko da, eta horretan herriak euren arteko elkarlana aztertzen dabiltza. Bigarrenean, 2021eko lehenengo sei hilabeteetan egingo dena, Udalbiltzak deialdi publiko bat aterako du, kulturgileak aukeratzeko. Aukeratu eta gero, artista bakoitzak lan bat sortuko du udalerri batean. Hirugarren fasean, 2021eko azken hiruhilekotik 2022ko lehen seihilekora bitartean, lanak aurkeztuko dira. Azkenik, laugarrenean, Udalbiltzak egitasmoaren helburuak aztertuko ditu 2021eko amaieran.

Larrabetzurekin batera herri hauek hartuko dute parte egitasmoan: Durango, Usurbil, Oiartzun, Zuia, Artziniega, Oñati, Leitza, Lesaka, Bera, Lexantzu-Zünharre, Amasa-Villabona, Zestoa, Arrigorriaga, Zaldibia, Tafalla, Uztaritze, Etxarri-Aranatz, Bergara, Mendabia, Lodosa, Sartaguda eta Andosilla. Errigora ekimenak eta Zazpiak Bat elkarteak ere hartuko dute parte. Proiektuak 650.000 euroko aurrekontua du.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).