Larrabetzuk 2,6 milioi euroko aurrekontua onartu du 2021erako

Aikor aldizkaria 2021ko urt. 4a, 13:23

Zehatz-mehatz 2.639.389 euro onartu zituzten abenduko udalbatzan, aurreko urtean baino % 9 gutxiago. COVID-19ak sortutako pandemiak erabat baldintzatu du udal-kudeaketa; nolanahi ere, Larrabetzuko Udalak azaldu duenez, aurtengo aurrekontuak ardatz hauek izango ditu: oinarrizko zerbitzuei eta kultura- eta kirol-elkarteentzako dirulaguntzei eustea, lehen sektorerako eta gazteek etxebizitza alokatu ahal izateko dirulaguntza berriak ematea eta behar ekonomikoak dituzten familientzako zuzeneko dirulaguntzak handitzea. Euskarara, kulturara, berdintasunera eta gazteriara bideratutako partidei ere eutsiko diete.

Bestalde, jakinarazitakoaren arabera, 5.000 euro zuzenduko dituzte Udalbiltzarekin batera euskal sorkuntza sustatzeko kultura-egitasmo bat bultzatzera, eta 14.000 euro, 2030 Larrabetzu Agenda martxan ipintzera. 2021erako inbertsioak, berriz, % 75 murriztuko dira aurreko ekitaldiaren aldean: 118.000 euro orotara. Gobernu-taldearen esanetan, “2020ko amaieran metatutako soberakina erabiliko dugu inbertsio gutxi batzuk egiteko”. Euren lehentasunak hauek izango dira: eskolako leihoak isolatzen jarraitzea (25.000 euro), udaletxea berritzeko proiektua (metatutako soberakinaren 80.000 euro), euri-urak eta ur beltzak bereizteko egitasmoa (metatutako soberakinaren 70.000 euro), udal-eraikinetan eta informatika-zerbitzuetan inbertsioak egitea (26.000 euro) eta lurrak erostea (15.000 euro). “Udalerriak oso lursail publiko gutxi ditu. Baso-politika ezberdinak martxan jartzeko eta lehen sektoreari laguntzeko, ezinbestekoa da lurra erostea”. 2021erako aurrekontua EH Bilduren botoei esker onartu zen; EAJk kontrako botoa eman zuen.