Julen Larruzea, Elur Gaineko Espainiako Koparen irabazlea

Aikor aldizkaria 2021ko ots. 26a, 11:50

a: Juan Ignacio Morala Rodriguez

Mendiko Kirolen eta Eskaladaren Espainiako Federazioak antolatu du Snowrunning edo Elur Gaineko Espainiako Kopa. Lehiaketaren baitan lau proba egin dira eta saio guztietan lortutako puntuak batuta Julen Larruzea larrabetzuarra izan da irabazlea.

Snowrunning-a elur gainean korrika egitea da eta probak eski-estazioetan egiten dira. Ibilbideak 9 km-tik 13 km-ra artekoak izaten dira. Larruzea hirugarrena izan zen lehen proban (Leon); zortzigarrena, bigarren proban (Granada); lehena, hirugarren saioan (Larra-Belaguan); eta hirugarrena, azken proban (Bejar). Saio guztietan eskuratutako puntuak batu ondoren berak irabazi du Kopa.

Larruzea atleta da eta asfaltoan egin ohi du korrika. Lehen aldia izan da elur gainean ibili dela eta emaitza ezin hobea lortu du. Azaldu digunez, elurretan korrika egitea berezia da eta lasterketa bakoitza ere bada berezia, zeren eta elurra egon daiteke, besteak beste, izoztuta, bigun edo urtsu. Bestalde, altitudeaz gainera, eguraldiaren menpe daude korrikalariak. Eta edozein kiroletan moduan, ezbeharren menpe ere bai. Azken proban, esaterako, Larruzea liderra zen, baina kranpoi bat apurtu zitzaion eta ezin zion lidergoari utzi: helmugara hirugarrena ailegatu zen. Hala ere, saio guztietan izandako emaitzei esker irabazi du kopa eta, hortaz, poz-pozik azaldu da.