Larrabetzuko plazako aterpe berria gaur irekiko da

Aikor aldizkaria 2021ko mar. 12a, 10:34

Gune estalia udaletxearen ondoan dago, Askatasuna plazan. Azaldu dutenez, plazak garrantzi eta zentraltasun handia du, bertan gizarte- eta aisialdi-jarduera asko egiten direlako, baina, hala ere, orain arte ez du estalitako leku irekirik izan. “Aterpeak gabezia hori arintzea du helburu, eguraldi txarretik babestutako gune bat sortuz, irekia, aireztatua eta argitsua”. Lanetan 244.820 euro ipini dira; Bizkaiko Foru Aldundiak 44.915 euroko laguntza eman dio udalari, eta Eusko Jaurlaritzak, 72.994  euro.

Aterpeak solairu bi ditu. Beheko solairua diafanoa da eta bertan barra txiki edo erabilera anitzeko txosna ireki bat dago, aterpean egiten diren ekitaldien osagarri gisa erabiltzeko. Beste aldetik, goiko aldean solairuarte txiki bat atondu da eta hara eskaileretatik igo daiteke. Gainera, esandakoaren arabera, aurreikusi da, udaletxearen birgaitze-lanak amaituta, solairuarteak oso bilkuren aretora sarbide zuzena izatea. “Eguraldi txarretik babesteaz gainera, solairuarteak hainbat erabilera izan ditzake, esaterako, agertoki moduan”.

Udalaren esanetan, “eraikina irudi garaikidea eskaintzen duen arren, tokiko tradizio arkitektonikoa errespetatzen du, bai erabilitako materialengatik, bai lehen zegoen eraikinaren formari eta bolumenari eusten dielako. Aukeratutako materialak – egurra, harria eta tratatutako harri-itxurako hormigoia– oso ondo integratzen dira inguruan”.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).