Kulturbilguneak antolatuta eta Liburuaren Nazioarteko Egunaren harira, komiki-tailerra egin da Larrabetzun Eñaut Aiartzaguenaren eskutik. Tailerrean Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailetako ikasleek hartu zuten parte, eta, antolatzaileen esanetan, “komikiaren bidez marrazkia landu zuten, eta marrazkiarekin batera beste hainbat balio ere”. Besteak beste, irudimena askatzeko eta betiko estereotipoetatik aldentzeko ariketa praktiko batzuk egin zituzten, eta komikiaren inguruko azalpen teoriko batzuk jaso. Lanak maiatzaren 31ra arte izango dira ikusgai Anguleri kultur etxean.