Sorotan Bele taldeak Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean egin zuen lehendabiziko zuzena, eta Larrabetzun hain zuzen hasi zen atzo “Sorotan Bele gogoan” ekimenaren bira. Bi saio egin ziren eta bietan, osasun-neurriak kontuan hartuta, jendez bete zen herriko frontoia. Kontzertu itzela izan zen eta oso momentu hunkigarriak bizi zituzten musikariek zein publikoak. Sorotan Bele taldeari omenaldia da “Sorotan Bele gogoan” ekimena, eta bertan taldekideetako bik –Gorka Sarriegi eta Urbil Artola– hartzen dute parte herrietako musika-bandekin batera; Larrabetzun, Andres Isasi Musikalia elkartea izan zuten lagun. “Sorotan Bele gogoan” ekimenak Euskal Herriko hainbat herri bisitatuko ditu.