Aiora Gerekizek Infanta Elena trofeoa irabazi du

Aikor aldizkaria 2021ko eka. 3a, 14:23

Infanta Elena trofeoa maiatzean izan zen Madrilen eta Aiora Gerekiz Etxeandia larrabetzuarrak hura irabazi zuen A2 kategorian. Zazpi urteko zalduna Titan poneyaren gainean ibili zen proba horretan, eta oso une hunkigarriak bizi zituen, garaipenaz gainera, bere urtebetetze-eguna ere izan zelako. Hurrengo erronka Espainiako txapelketa du. Hala ere, bere amak, Eider Etxeandiak, argi utzi du hipika txapelketetatik eta lorpenetatik haratago doala eta azpimarratu du umearen eta poneyaren arteko lotura berezia.

“Aiora zazpi urteko umea da eta berarentzat oso dibertigarria da poniaren gainean ibiltzea: bere helburu bakarra ez da lehian sartzea; ondo pasatu ere egiten du”, azaldu digu Etxeandiak. “Liluratuta dago bere poniarekin: entrenamendurik ez duenean, hura ikustera joan nahi du, berarekin egote hutsagatik; maite du. Autoa ikusten duenean, animalia ere Aiora bila hasten da… Irrintzi egiten dio. Kontua ez da bakarrik animaliaren gainean ibiltzea eta lehian sartzea; poneya zaindu behar da, mimatu, berarekin egon, larratzera atera, garbitu, orraztu…”.

Zaldun gaztetxoari amarengandik datorkio zaldienganako zaletasuna. “Guk zaldiak izan ditugu beti etxean eta ni ere oso gaztetxoa nintzela hasi nintzen hipikan. Aiora ere hipikara hurbildu da, baina ez lehiatzeko, baizik eta zaldien mundua eta animalia bat izateak dakarren erantzukizuna ezagutzeko. Txapelketetan parte hartu arren, zazpi urteko neskatoa da eta ondo pasatzeko ibiltzen da poneyaren gainean; batzuetan irabazten du, eta beste batzuetan, galdu. Horrezaz gainera, lagunekin egotea gustuko du, hondartzara edota igerilekuetara joan, futbola ikusi…”.

Larrabetzuko zaldun txikia Lezaman entrenatzen da, Aretxalde hipikan, eta Nafarroako federazioan dago, “berton 10 urtetik beherako umeak eskola-kirolean aritzen direlako”. Astelehenetan izan ezik, bi orduko entrenamendu-saioa egiten du egunero. Bi poneyrekin entrenatzen da, – Ucladerekin bere poneya– eta Titanekin –zalditegikoek utzitakoa–. “Era askotariko entrenamenduak dira: salto egin, potentzia eta erresistentzia landu… baita jolasak egin eta pasieran ibili ere. Bestalde, txapelketen aurreko saioak biziagoak dira, baina berak badaki eta guk beti hartuko dugu bere iritzia kontuan: nahi duen arte entrenatuko eta lehiatuko da”. Nolanahi ere, gaztetxoak ordu gehiago ematen ditu zalditegian. “Entrenamendua hasi baino lehenago ailegatu behar da, ekipamenduak hartu, poneya prestatu, garbitu… eta entrenamendu ostean, ekipamendua kendu eta garbitu, animalia larratzera eraman… Beste poneyarekin gauza bera egin behar du. Izan ere, lotura estua sortu behar da zaldunaren eta animaliaren artean”. Gerekiz hiru urterekin hasi zen poneyaren gainean ibiltzen, eta iaz, txapelketetan parte hartzen.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).