Fiskaltzak orotara 77 urteko espetxe-zigorra eskatu du auzipetuentzat, 2010ean euskal presoen eskubideen alde egindako lana “ETAren manupekoa” zela egotzita. Auzipetuek maiatzean egindako agerraldian adierazi zutenez, “atxiloketak gertatu ziren ezker abertzalea konfrontazio armaturik gabeko agertoki berria eraikitzeko lanean zebilela, eta polizia-operazio hark estrategia-aldaketa zapuztea zuen helburu”. Era berean, azaldu zuten haien ekarpena izan zela “kolektiboko presoei agertoki politiko berrira egokitzeko laguntza ematea, agente aktiboak bihurtu zitezen”. Halaber, esan zuten onartezina dela epaiketa orain egitea, ETAK borroka armatua utzi eta handik 10 urtera, eta gogora ekarri zituzten jasotako tratu txarrak eta torturak. Zuriarrainek hain zuzen bideo baten bidez ezagutzera eman ditu atxilotuta egon zen bost egunean pairatu zituen torturak.