Astelehenean, eta 13/13 auziaren baitan, Naia Zuriarrain larrabetzuarren eta beste sei euskal herritarren kontrako epaiketa hasi zen Espainiako Auzitegi Nazionalean. Auzipetuek atzo deklaratu zuten eta ukatu zituzten leporatutako delituak eta Halbokako edo ETAri lotutako beste edozein aparatutako kide izatea. Gainera, Zuriarrainek eta Saioa Agirrek kontatu zuten inkomunikazio aldian guardia zibilek torturatu zituztela, tratu umiliagarria eman zietela eta indarkeria sexuala jaso zutela. Zuriarrainek, bestalde, adierazi zuen indarkeriaz biluztu zutela eta poltsa egin ziotela. Larrabetzuarrak eta Agirrek azaldu zuten torturapean deklaratu zutela eta, hortaz, esandakoa ez dela egia. Esan zutenez, Guardia Zibilak idatzi zituen deklarazioak eta behartu zituzten horiek buruz ikastera.