Txondorra piztuko dute Larrabetzun

Aikor aldizkaria 2021ko uzt. 21a, 12:21

Larrabetzuko Udalak jakinarazi duenez, txondorra egin da Ubiritxagako larrinetan, Larrabetzutik Lezamarako bidean. Txondorra abuztuaren 1ean, 10:30ean, piztuko dute eta nahi duen guztia hara hurreratu daiteke “bai ikustera, bai hurrengo egunetan beharrezkoa izango den txondorraren zaintza-lanetan izena ematera”.

Egitasmoa martxan ipini dute Sabin Aranak, Migel Angel Lekuek eta Garbiñe Etxebarriak hainbat herrikideren, Gym Berdea ekimenaren eta udalaren babespean. “Urte luzeetan, burdinolak ezinbestekoak izan dira Euskal Herriaren zein Larrabetzuren garapen ekonomikorako eta sozialerako. Era berean, ikatza ezinbestekoa zen burdinolek funtzionatzeko: ikatz barik, burdinolarik ez. Ikatza bertoko zuhaitzen egurra erabilita eraikitako txondorretatik lortu dugu euskaldunok mendeetan zehar, modu artisauan”.

Larrabetzuko txondorrera ailegatzeko modu bi daude: alde batetik, Sasine industrialdeko Bideko gasolindegiaren aurrez aurre dagoen zubitik, eta bestetik, Viveros Pericaren bide-seinalearen parean dagoen estratatik.