Abuztuaren amaieratik aisialdia emateko gune berria dute larrabetzuarrek. Lekua Mirandako bihurgunean dago, Larrabetzuko Udalak karabanetarako atondu zuen gunean hain zuzen. Bost aparkalekuz gainera, guneak egoteko lekua du, herritarrek ere erabil dezaten. Hura leku garbia izatea nahi du udalak, hondakinik gabekoa, eta hori dela-eta ez da bertan zakarrontzirik ipini. “Izan ere, herrian edo Goikolan, 300 bat metrora, hainbat edukiontzi daude hondakin-mota bakoitza bertan uzteko. Azken lau hilabetean, ehunka pertsonak eman dute gaua han autokarabanarekin eta eremua garbi egon da, hondakinik gabe”. Eremua atontzeko, 25.950 euro ipini dira.