Uritarrak eta Larrabetzuko Udalak salatu dituzte Deustuko zale batzuek herrian egindako pintadak

Aikor aldizkaria 2021ko ira. 6a, 09:10

Zapatu arratsaldean, Larrabetzun partida jokatu zuten Uritarra eta Deustu futbol-taldeek. Deustu futbol-taldeko zale batzuek pintadak egin zituzten herriko zenbait eraikinetan, eta Larrabetzuko Udalak zein Urritarra taldeak irmoki salatu dute gertatutakoa. “Ezin da onartu kirol-topaketa bat gatazka soziala bihurtzea, talde txiki baten erruagatik”.  Adierazitakoaren arabera, pintaden egile batzuk identifikatu dituzte, eta “datozen egunotan, haien aldetik keinu positiborik ikusten ez badugu, neurriak hartzea aztertuko dugu”.

Udalak eta Uritarrak esan dutenez, “elkarbizitzarako oinarrizko arauak hausten dituzte lokal publikoetan egindako pintadek, mehatxuek, zaborra botatzeak eta leku publikoetan botilak botata uzteak”. Nolanahi ere, azpimarratu dute partidara joan ziren Deustuko zaletu gehienak “ederto konpondu zirela Larrabetzuko herritarrekin” eta talde horren zuzendaritzaren jarrera ere eskertu dute. “Futbol-partida bat da; hortaz, kirol-jaia izan behar du. Kito”. Bai udalak, bai Uritarrak espero dute horrelakorik berriro ez gertatzea. “Kirol- eta kultura-klubekin batera, eta oro har herritarrekin batera, erakundeen erantzukizuna da bitartekoak jartzea gertakari isolatu horiek gehiagora ez egiteko”.    

Bestalde, Deustu futbol-taldeak komunikatu batean adierazi du ahalegintzen direla klub errespetutsua izaten. “Ez dugu merezi gurean jende liskargile egotea. Guztiek merezi dute begirunea eta ezin da Larrabetzun gertatutakoa onartu. Hori ez da Deustu taldearen estiloa”. Klubak barka eskatu die larrabetzuarrei eta Uritarrari.

  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).