Ordenantza fiskalak aldatzeko asmoa du Larrabetzuk

Aikor aldizkaria 2021ko ira. 20a, 09:53

Larrabetzuko Udalak ordenantza fiskalak aldatzeko asmoa du eta horretarako aurreproiektua udal-webgunean izango da eskuragarria urriaren 1era arte. Herritarrek ekarpenak egin ahal dituzte udaletxean bertan edo udala@larrabetzu.eusk helbide elektronikoaren bidez.  

Azaldu dutenez, udalaren udal-gobernuak zerga-ordenantza batzuk eguneratu nahi ditu hurrengo ekitaldirako, hala nola tributuak, tasak eta prezio publikoak. Horrek aldaketak ekarriko ditu behar adina diru-sarrera egongo dela ziurtatzeko eta erakundeari dagozkion eskumenak bete ahal izateko. “Horretarako, sistema gidatu behar duen printzipio bat dago: zergak ordaintzeko gaitasun handiagoa daukanak gehiago ordaintzea”. Erreferentziazko legeriak ahalbidetzen duela, printzipio hori zuzenetako zerga-tributuetan ezartzeko asmoa du Larrabetzuko Udalak, adibidez, ondasun higiezin gaineko zergan eta trakzio mekanikozko ibilgailuen gaineko zergan. Horri lotuta, “Larrabetzuko Udalak zuzeneko tributuetan kenkari, hobari edo eransketen araubidea ezarriko du, pertsonen gaitasunari erreparatuta eta kasu bakoitzean lortu gura diren printzipioak eta helburuak kontuan hartuta. Era berean, zerbitzu publikoen gaineko zerga-ordenantzak ere eguneratuko dira”. Azaldutakoaren arabera, tasen erdiak ez du igoerarik izango, eta gainerakoek % 1eko igoera izango dute. Informazio gehiago hemen.