Kirolbilguneak antolatuta, joan den barikuan, urriak 1, larrabetzuarrek esker ona adierazi zieten aurreko denboraldian nabarmendu ziren herriko hainbat kirolariri. Kirolarien artean hauek izan ziren: Patxi Suarez eta Jose Centeno, gurpildun aulkiko saskibaloiko ligaren txapeldunak; Amaia Ginea, bikeyoringeko txapelduna; Beñat Lekue, Bizkaiko Aizkolarien Txapelketaren garailea; Txokoan emakume pilotarien elkartea; Uritarra futbol-taldea; Jone Etxebarria, triatloilaria; Itxaso Arteaga, Athleticeko jokalaria; eta Mikel Artetxe txirrindularia. Kirolbilgunea sortu berri dute Larrabetzuko kirol-elkarteek, udalak eta herritarrek, besteak beste, kirol-mota guztiak sustatzeko eta herriko jarduerak koordinatzeko.