Larrabetzuko aterpea, finalista A+ by Daikin arkitektura sarietan

Aikor aldizkaria 2021ko urr. 22a, 10:02

Zehatz-mehatz, kategoria honetan da finalista: leku publikoen eta azpiegituren arkitekturako proiekturik onena. Irabazlea aukeratzeko, kontuan hartu beharko da, alde batetik, publiko orokorrak online emandako botoa (% 50), eta, bestetik, sektoreko profesionalen botoa ( % 50). Publiko orokorrak azarora arte eman dezake botoa lotura honetan . Sariak azaroaren 11n banatuko dira Madrilen.

Larrabetzuko aterpea diseinatu dute Beñat Saratxagak eta Gentzane Goikouriak (Behark), eta proiektuari izen hau ipini diote: Last Chance for a Slow Dance. Aterpeak solairu bi ditu. Beheko solairua diafanoa da eta bertan barra txiki edo erabilera anitzeko txosna ireki bat dago, aterpean egiten diren ekitaldien osagarri gisa erabiltzeko. Beste aldetik, goiko aldean solairuarte txiki bat atondu da eta hara eskaileretatik igo daiteke. Gainera, aterpea zabaldu zenean Larrabetzuko Udalak esandakoaren arabera, aurreikusi da, udaletxearen birgaitze-lanak amaituta, solairuarteak oso bilkuren aretora sarbide zuzena izatea. “Eguraldi txarretik babesteaz gainera, solairuarteak hainbat erabilera izan ditzake, esaterako, agertoki moduan”.

Udalaren hitzetan, “eraikina irudi garaikidea eskaintzen duen arren, tokiko tradizio arkitektonikoa errespetatzen du, bai erabilitako materialengatik, bai lehen zegoen eraikinaren formari eta bolumenari eusten dielako. Aukeratutako materialak – egurra, harria eta tratatutako harri-itxurako hormigoia– oso ondo integratzen dira inguruan”. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).