Unai Rementeria ahaldun nagusiak Azurmendi jatetxea bisitatu du

Aikor aldizkaria 2021ko abe. 3a, 13:59

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua eta Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia Larrabetzun izan dira gaur goizean, Azurmendi jatetxean. Agintariak hurbildu dira Txorierrira,  bertatik bertara ezagutzera Eneko Atxaren jatetxeak garatzen duen Goi Sukaldaritzako Esperientzia Gastronomikoen Sorkuntza eta Garapenerako Espezializatzeko Programa. Hori Hezkuntza Sailak eta Azurmendi Group enpresak diseinatu dute, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza du.

Programa iaz jarri zen martxan. Guztira 45 lagun dabiltza goi-mailako gastronomia espezializatzen Azurmendin. Ikasleek goi-mailako sukaldaritzako eta jatetxe-zerbitzuko espezializazioa lortuko dute, zeina maila goreneko jatetxeetara bideratuta baita. Orotara, 1.750 orduko ikastaroa eskaintzen da. Gehienak, 1.450 ordu, praktikak dira, jatetxean. Gazteak Azurmendi jatetxeko langileekin batera aritzen dira egunero, sukaldea, teknikak eta esperientziak partekatuz. Gainerako 300 ordu, aldiz, ikasgelan ematen dira. Aurten 15 ikasle berri sartu dira programan. 

Bizkaiko Foru Aldundiak 450.000 euroko dirulaguntza ematen dio programari, ikasleek bekak jaso ahal izateko. “Programa foru-erakundearen estrategian sartzen da, Bizkaia abangoardia gastronomikoaren erreferente bihurtzeko, berrikuntza aplikatuta eta sektorean ezagutza sortuta”, esan du Aldundiak zabaldu duen prentsa-oharrean.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).