Larrabetzuk 3,470 milioi euroko diru-sarrerak aurreikusi ditu 2022rako

a: Iratxe Pirla 2021ko abe. 23a, 11:23

Larrabetzuko Udalak jakinarazi duenez, 2022ko aurrekontuak onartu dituzte; EH Bilduk aldeko botoa eman du, eta EAJk, kontrako botoa. Udalaren esanetan, aurreko urtearekin alderatuta, Aldundiaren diru-sarrerak nabarmen hobetuko dira, “ eta, urte eta erdiko atzerapena dagoela, legealdiko planean genituen helburuei eutsi ahalko diegu. Era berean, udal-tasak eta -zergak erregularizatzeak ekarriko du diru-sarrerak pixka bat handitzea. Gainera, jarraituko dugu erakunde publikoen dirulaguntzak eskatzen”. Gauzak horrela, 3.470.052 euroko diru-sarrerak aurreikusi dituzte 2022rako.

Bestalde, eta gastuei dagokienez, “% 19 langileen gastuei lotuta dago; % 17, Mankomunitateak kudeatzen dituen zerbitzuei; % 6, herriko taldeentzako dirulaguntzei; eta % 29 finkoak dira”. Hortaz, “% 27 gelditzen zaigu inbertsioetarako eta proiektuetarako, eta % 2 maileguak ordaintzeko”.

Udalaren esanetan, udal-kudeaketaren oinarriak dira herritarren parte-hartzea, gardentasuna eta tokiko taldeen inplikazioa. “Herri euskalduna nahi dugu, askea, guztiontzako aukera-berdintasuna sustatzen duena, zeinetan auzokoak eta taldeak protagonista baitira, eta udal-kudeaketan inplikatzen dena; herri solidarioa, ingurumena eta sustraiak babestea lehentasuntzat duena. Gure apustua da gazteak, herri-kultura eta sormena babestea eta memoria historikoa berreskuratzen jarraitzea”.  

Udalak azaldu duen moduan, aurrekontuak egiteko orduan kontuan hartu dituzte “une honetan gizarteak dituen arazo nagusietako batzuk, erronkak eta Larrabetzu 2030 agenda”. Euren asmoa da agenda hori 2022an sozializatzea, udalerri osoa inplikatzeko. Agenda horietako ildo batzuk hauek dira: lurrak erostea beste nekazaritza-eredu bat abian jartzeko; beharrizan handiak dituzten familiei laguntzen jarraitzea, hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzeko kanpaina, euskara ikasteko laguntzak, herritarren parte-hartzea eta gardentasuna.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).