iñigo ordeñana I Saudi Arabiara joan zen Athletic zuzenean ikustera

"Ilunabarra basamortuan zoragarria da"

Aikor aldizkaria 2022ko urt. 26a, 11:18

Eztabaida zabaldu zen Estatuan, futboleko Superkopa Saudi Arabian jokatuko zela jakin zenean. Izan ere, horregatik, zaletuengandik urrun egongo zirelako partaideak: Bartzelona, Real Madrid, Atletico Madrid eta Athletic Club. Hala ere, Iñigo Ordeñana larrabetzuarrari ez zitzaion 6.000 kilometro egitea ardura izan, talde zuri-gorria zuzenean ikusteko. Eta bide batez, turismoa egiteko aukera izan zuen. 

Zelan bururatu zitzaizun Arabiara joatea?

Mikel Bilboko laguna eta biok joan ginen. Karreran ezagutu genuen elkar eta normalean urterik behin joaten gara Athletic Bilbotik kanpo zuzenean ikustera. Azkena aurreko Kopako finalerdian, 2020ko martxoan, izan zen: Granadara joan ginen. Partida galdu genuen, baina finalerako txartela lortu genuen. Orduan, pentsatu genuen beste bidaia bat egin behar genuela Athleticen atzean; eta atzerrira joatea zoragarria izango litzatekeela, bioi bidaiatzea gustatzen zaigulako. Pandemiak dena gelditu zuen, baina 2021eko irailean ematen zuen bukatzear zegoela. Eta Ara­bia­ra joateko bidaia antolatu genuen.

Irailetik hona, aldaketak egon dira bidaian, ezta?   

Bai. Hasiera batean, partidak Ye­da hirian jokatu behar ziren, baina Super­kopa egin baino 15 egun lehenago, anto­latzaileek egoitza aldatzea erabaki zuten eta partidak Riadera eraman zituzten, Yedatik 1.000 kilometrora. Beraz, dena aldatu behar izan genuen: hegaldia, ho­tela... Baita plangintza ere: esate baterako, urpekaritza egiteko asmoa ge­nuen Itsaso Gorrian, Yedatik gertu, baina azkenean ekimena bertan behera utzi behar izan genuen. Oso estresagarria izan zen dena, herrira sartzea ere erraza ez delako: bisa eskatu behar da, Arabiako erroldan izena behar duzu, PCR negatiboa eman behar duzu....

Azkenean dena ondo atera zen, ezta?

Bai, dena aldatu ahal izan genuen. Gainera, Riaden lagun bat daukat, eta berarekin batera egin dugu bidaia. Nik Londresen ezagutu nuen aspaldian, in­gelesa ikasten genbiltzala. Luxua izan da Arabiako mutil batekin Riad ezagutu ahal izatea.

 

"Londresen ingelesa ikasten nenbilela, Arabiako lagun bat ezagutu nuen eta berak erakutsi zigun Riad"

 

Etsituta, Athleticek galdu zuelako?

Tira, bai. Ez dut esango gutxienekoa dela, Athleticek irabazi izan balu, horrek amaiera bikaina emango ziokeen bidaiari, baina ondo pasatu dugu: basamortua eza­gutu dugu, primeran egon gara, ez dugu COVID-19a harrapatu, bidaia luzea izan arren –Riad-Doha-Madril-Bilbo–, lo eman genuen eta oso gustura egin genuen.

Eta Arabia, zelangoa da?

Arabiako lagunak herriaren berri eman zigun: Saudi Arabiak 90 urte ditu. Familia batzuek herria eratu zuten, petrolioa ate­ratzen hasi zenean. Oso zorrotza da islam erlijioarekin, eta nahiko itxia. Era berean, guztiok dakigu nolako jarrera adierazten dieten emakumezkoei. Eta zaila da bi­sa lortzea, hara turistatzat joateko. Ha­la ere, barruan zaudenean erabat desberdina da, jendea oso hurbila delako. Izugarrizko ongietorria egiten dizute eta beti laguntzeko prest agertzen dira. Guk arazotxoa izan genuen basamortuan eta hango lagunek lagundu ziguten eta tea hartzera gonbidatu gintuzten. Gainera, kulturalki guztiz desberdinak dira: ez dago ez alkoholik, ez txerirrik; janaria lurrean eta eskuz hartzen dute; gamelua jaten dute...

Zer da gehien gustatu zitzaizuna?

Bereziki basamortua gustatu zi­tzai­dan. Txangoa egin genuen hara mo­to­rrez ilunabarra bertatik ikusteko, eta zo­ragarria izan zen. Gainera, jendearen jarrera eskuzabala ere azpimarratu behar dut. Arraroa da, jendea oso hurbila delako eta gobernua, aldiz, oso itxia.   

 

"Arraroa da: Saud Arabiako jendea oso hurbila da eta bertako gobernua, aldiz, oso itxia"

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).