Azken urteetan egin bezala, txapelketa bi maila nagusitan banatuko da erabiliko den materialaren arabera: pilota goxoa eta pilota mistoa. Horien barruan beste bi multzo bereziko dira: gazte eta nagusi mailak, pilota goxoan, eta promozio eta elite mailak, mistoan. Ohikoa den bezala, bikote gehienak pilota goxoarekin arituko dira, 30 bikote; eta 12, pilota mistoarekin. Guztien buru izango dira txapelketarekin hazi diren Amaia Aldai –Plazandreak saioko eta Lau eta erdiko egungo txapelduna–, Olatz Arrizabalaga –iazko San Mateotako txapeldun eta kaiolako azpi-txapelduna–, Leire Garai eta Miriam Arrillaga.