“Oier Beldarrain Lazkano” beka sortu du Larrabetzuko Udalak

Aikor aldizkaria 2022ko otsailaren 10a

Larrabetzuko sortzaile gaztea zen Oier Beldarrain Lazkano eta iazko urtarrilean zendu zen. Udalak beka bat sortu du bere omenez. Beka herriko gazteentzat da eta hurrengo helburu hauek ditu: euskarazko kulturgintza bultzatzea, gazteen artean euskarazko sorkuntza sustatzea, gazteek gazteentzat sortutako jardueren bidez eragitea euskarazko kultura-programazioan eta gazteek sormena garatzeko aukera eta guneak izatea. Bekarako 4.000 euro esleitu dira urtero.  

Larrabetzuko Udalak jakinarazi duenez, kultura-sorkuntzatzat jotzen da “artistaren imajinaziotik eratorritako edozein lan edo obra: musika, pintura, eskultura, literatura, antzerkia, bakarrizketa, poesia-emanaldia, bertsolaritza, zinema, komikia, soinu-konposizioa, ikus-entzunezko konposizioa, konposizio digitala, dantza… baita diziplinen arteko hibridazioa ere”. Azaldutakoaren arabera, beka arautzen duen ordenantza otsailaren 8ko osoko bilkura berezian onartu zen; Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, bekaren deialdi publikoa martxoaren bukaeran zabalduko da.