Bi urteren ostean, Txakolinaren Eguna ospatuko da apirilaren 10ean Larrabetzun

a: Idoia Andres 2022ko mar. 15a, 11:26

COVID-19ak eragindako pandemia dela eta, Txakolinaren Eguna bi urtean bertan behera gelditu da Larrabetzun; halere, bertako udalak jakinarazi duenez, aurten egingo dute 19. aldiz. Txakolinaren Eguna apirilaren 10ean izango da, eta Txorierriko zortzi ekoizleen txakolina dastatzeko aukera egongo da Larrabetzuko plazan. Era berean, 10 salmenta-postu ipiniko dira.

Azaldutakoaren arabera, Txorierriko Txakolinaren aurkezpena egingo da eta dastatze-azoka ere izango da. Ekitaldian Larrabetzuko (Gorka Izagirre, Sasine eta Sasikoetxe), Lezamako (Basalbeiti, Erdikoetxe, Garkalde eta Magalarte) eta Zamudioko (Magalarte) txakolingileek hartuko dute parte. Txartelak bost euroan salduko dira eta prezioaren barruan egongo dira txakolin kopa bat eta bi txakolin. Bost euro horietatik, Larrabetzuko Udalak euro bana emango die Txokoan herriko emakume pilotarien elkarteari eta Zaporeak elkarteari (Europara etortzen diren errefuxiatuen artean janaria banatzen duen elkartea da); bestalde, 2,80 euro txakolingileentzat izango dira.

Azkenik, plazan ipiniko diren salmenta-postuen artean egongo dira artisauak, gazta-saltzaileak eta talogileak. Larrabetzuko Udalak bisitariei eta parte-hartzaileei eskatu die ekintzaren egunean indarrean egongo diren segurtasun- eta osasun-arauak betetzeko.          

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).