Giro ederra, Larrabetzuko Txakolinaren Egunean

Aikor aldizkaria 2022ko api. 11a, 12:53

Txakolinaren Eguna Larrabetzura itzulia da. Pandemia dela eta, urte bi eman dute azoka egin barik, baina aurten gogotsu ospatu dute 19. aldiz. “Oso pozik gaude, bisitarien erantzuna itzela izan delako. 500 edalontzi jarri genituen salgai, eta 13:00etarako, guztiak genituen salduta”, adierazi du Iñigo Gaztelu alkateak. 

Batutako diruari esker, laguntza emango diete elkarte biri, bakoitzak 500 euro jasoko baititu:  batetik, Zaporeak elkartea, Greziako errefuxiatuei jaten ematen diena; eta bestetik, Txokoan, emakumezkoen pilota Larrabetzun bultzatzen duena. Antolatzaileak ez ezik, txakolin-ekoizleak ere agertu ziren poz-pozik. “Esan digute izugarri saldu dutela. Goizean jende pila etorri zen, baina arratsaldean ere hainbat lagun ibili ziren herrian. Eguraldi ona egin zuen eta jendeak aprobetxatu zuen gurera etortzeko. Izugarrizko giroa izan genuen herrian, egun osoan zehar”, esan du Gazteluk.  

Betiko moduan, Txorierriko zortzi ekoizleren ardoa dastatzeko aukera egon zen azokan: Gorka Izagirre, Sasine, Sasikoetxe (Larrabetzu), Basalbeiti, Erdikoetxe, Garkalde, Magalarte (Lezama) eta Magalarte (Zamudio). Txakolinaz gainera, bisitariek baserriko eta artisauen produktuak erosi ahal izan zituzten. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).