Asteburu honetan berriro ospatuko da Bizkargi Eguna

Aikor aldizkaria 2022ko mai. 5a, 14:01

Bizkargi Gogoratuz elkarteak ekintza batzuk antolatu ditu domekarako; eta Ernaik, beste batzuk zapaturako. Guztiek ospatuko dute Bizkargi Eguna. 1937an, eusko gudariek faxistei egin zieten aurre Bizkargi mendian, eta herriak, urtero moduan, omenaldia egingo die gudariei. Pandemia dela-eta, urte bi eman dute jaia ospatu barik. 

Zapatu goizean, 12:00etan, mahai-ingurua egingo da; eta 13:45ean, ekitaldia. Bazkaldu ostean, jai-ekintzak etorriko dira: 15:30ean, olinpiadak; 17:00etan, bertsolariak; eta 18:00etan, kontzertuak. 

Bestalde, igandean, 11:00etan hasiko da animazioa Bizkargi mendian. 12:30ean, Bizkargi Gogoratuz elkarteak omenaldia egingo die Amaiur batailoiaren Gabiriako sei gudariei eta  Iñigo Santxok eta Gaizka Arangurenek hitzaldia egingo dute. Txalapartari batzuek eta Larrabetzuko Bizkargi dantza taldeak girotuko dute goiza. 12:50ean, bertsolarien txanda izango da: Etxahun Lekue, Onintza Enbeita eta Txiplas; eta 13:00etan, erromeriarena, Ein GO taldearen eskutik. 13:15ean, esker ona erakutsiko zaio Xabier Amurizari, eta jaia biribiltzeko, 13:30ean, Eneko Larruzeak kantaldia egingo du. Arrastian, 18:30ean, ekitaldia egingo da Larrabetzuko plazan.   

Ekintzak asteburuan izango badira ere, maiatzaren 3an Santikurtz Eguna egin zen lagunen artean.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).