Maiatzaren 20ra arte zabalik egongo da Larrabetzuko udalekuetan izena emateko epea

a: Arbizuko kanpina / campingarbizu.com 2022ko mai. 9a, 09:51

Gaur zabalduko da Larrabetzuko udalekuetan izena emateko epea, eta maiatzaren 20ra arte eman ahalko da Anguleri kultur etxean. Udaleku-mota bi egongo dira: herriko eskolan egingo direnak; lau urtetik 10 urtera bitarteko umeentzat; eta Arbizuko kanpinean egingo direnak, 10 urtetik 16 urtera bitarteko umeentzat.

Herriko udalekuak ekainaren 27tik uztailaren 22ra izango dira, eta Arbizukoak, ekainaren 27tik uztailaren 1era. Izena ematearekin batera aurkeztu beharko da umearen Osakidetza txartelaren eta korronte zenbakiko agiriaren kopia. Larrabetzun erroldatutakoek lehentasuna izango dute.  Behin-behineko zerrenda ekainaren 3tik aurrera posta elektronikoz bidaliko zaie parte-hartzaileei, eta ekainaren 6tik 10era aldaketak egin ahalko dira.   

Prezioei dagokienez, herrian bertan egingo diren udalekuen kasuan, aste batek 50 euro balioko du erroldatuentzat, eta 75 euro ez erroldatuentzat; bi astek, 75 euro eta 95 euro; hiru astek, 95 euro eta 120 euro; eta lau astek, 110 euro eta 140 euro. Arbizuko udalekuek, bestalde, 200 euro balioko dute erroldatuentzat, eta 290 euro, gainerakoentzat. Ekainaren 16an batzarra egingo da informazioa zehazteko. Argibide gehiagorako: 944 558 271 eta liburutegia@larrabetzu.eus.