Maiatzaren 28an, elkartearen kideak Utxabasoren inguruan batuko dira bertatik panpa-lezka espezie inbaditzailea kentzeko. Larrabetzuko Udalak baso txiki bat sortu nahi du bertan, Berresoganeren eta Sasineren artean, herritarrek hori gozatzeko. Bestalde, elkarteak bere jarduera ahalik eta gehien zabaldu nahi du eta, horregatik, maiatzaren 24an aurkezpena egingo du Larrabetzuko eskolan, 5. eta 6. mailetako ikasleen aurrean.
Panpa-lezka, cortaderia selloana, espezie exotikoa arriskutsua da: batetik, azkar hedatzen delako eta bertako flora desagerrarazten duelako; bestetik, lurraren emankortasuna eta paisaiaren kalitatea murrizten dituelako; eta azkenik, alergia dutenei arazoak ekartzen dizkielako. Panpa-lezka espezie inbaditzaileen katalogoaren barruan dago, hau da, debekatuta dago horren jabea izatea eta landa lantzea, leku batetik bestera eramatea eta saltzea edo erostea.