Bizipista egingo da Erletxeta eta Larrabetzuren artean

Aikor aldizkaria 2022ko mai. 24a, 12:19

Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez, bi bizipista berri egingo ditu: bata Erletxeta eta Boroaren artean, eta bestea, Erletxeta eta Larrabetzuren artean. Bi bideak lotuta egongo dira eta 7,9 kilometroko ibilbidea osatuko dute. Aurreikuspenen arabera, 2024rako eraikiko dira eta lanetan 20,6 milioi euro ipiniko dira. Bizipistek jarraipena emango diote Amorebieta eta Iurretaren artean egiten dabiltzanari.

Erletxeta eta Larrabetzuren arteko zatia da Txorierriko Bizipistaren proiektuaren parte, eta 3,4 kilometroko luzera du. Azaldu moduan, bere trazadurak BI-30 errepidea (Txorierriko korridorea) hartzen du ardaztzat, Erletxetako industrialdearen –bertan beste bizipistarekin lotzen da– eta Larrabetzuko industrialdearen artean. Aurreikusitako inbertsioa 9 milioi eurokoa da, eta lanak egiteko epea 15 hilabetekoa.

Bestalde, Boroa eta Erletxetaren arteko zatia Ibaizabaleko Bizipistaren proiektuaren baitan dago (Amorebieta eta Iurretaren artean egiten dabiltzana ere haren parte da). Trazadurak 4,5 kilometroko luzera du eta a-8 autobidea hartzen du erreferentziatzat, Boroako industrialdearen eta Erletxetakoaren artean. Tarte hori egiteko, 11,6 milioi euro ipiniko dira eta lanak egiteko epea 15 hilabetekoa izango da.  

Imanol Pradalesek, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak, azaldu duenez, azpiegiturek bat egiten dute mugikortasun jasangarria sustatzeko Foru Aldundia garatzen dabilen beste proiektu batzuekin, “auto pribatuaren ordez, ibilbide laburreko joan-etorrietarako herritarrak bizikleta erabiltzea erraztuz. Proiektu horien artean daude Eskuinaldeko Bulebarra eta Erandio eta Barakaldoren arteko zubia. Horri lotuta, lehen aipatu moduan, bizipista berriek jarraipena emango diote Amorebieta eta Iurreta lotuko dituenari. Bizipista horren lanak abenduan hasi ziren eta espero da 2023ko martxorako amaituta egotea. Ibilbideak 7,5 kilometroko luzera izango du eta obretan 12,7 milioi euro jarriko dira.

Bizipistak dira hiriarteko bizikleta-bideak, seguruak eta erosoak, eta motordun trafikotik bereizita daude. Bi bizipista berriek lau metroko zabalera izango dute bizikletetarako, eta bi metrokoa, oinezkoentzat. Gainera, aurreikusi da sei zubi eraikitzea, bizikleten eta oinezkoen ibilbideari jarraipena emateko eta errepideak saihesteko. Era berean, gutxienez bi metroko altuerako pantailak izango dituzte, inpaktu akustikoa eta bisuala gutxitzeko. Aldundiak jakinarazi moduan, ingurumen-inpaktua murrizteko neurriak ere hartzen dabil bizipistak eraikitzeko orduan, hala nola siderurgia-industriako hondakinak berrerabiltzea, eguzki-energiaz elikatzen diren LED argiak ipintzea eta, plastikoaren ordez, pantailetarako harri naturala erabiltzea.    

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).