Mobilizaziora deitu dute, Larrabetzu 2. tarifa-gunera behingoz sar dadin

Aikor aldizkaria 2022ko ekainaren 15a

Larrabetzuko Udalak duela hilabete batzuk jakinarazi zuenez, Gorka Ugalde Bizkaiko Garraio Partzuergoko gerentearekin batu ziren eta horrek adierazi zien ekainerako Larrabetzu 2. tarifa-gunera sartuko zela. Hala ere, aldaketa ez da oraindik egin eta Garraioa Irauli plataformak mobilizaziora deitu du barikurako, ekainak 17, udalerria 2. tarifa-gunera behingoz sar dadila exijitzeko. Hitzordua 19:30ean ipini dute Larrabetzuko plazan.  

“Ekaina iritsi da eta Larrabetzu ez da 2. tarifa-gunera aldatu eta larrabetzuarrok Larrabetzun bizitzeagatik gehiago ordaintzen jarraitu behar dugu. Argi geratu da negoziazioarekin ez dela konponbiderik lortu. Horregatik, herri-arazoek herri-erantzunak behar dituztelako, ekainaren 17an mobilizazioa egingo dugu”, esan dute.   

Txorierriko udalerria den arren, Bizkaibuseko zerbitzuari dagokionez, Larrabetzu 3. tarifa-gunean dago, baina Txorierriko gainerako herriak eta Galdakao, berriz, 2. tarifa-gunean; beraz, larrabetzuarrek % 22-26 garestiago ordaintzen dute autobus-txartela. Ugaldek aurreko lerroetan aipatutako bileran azaldutakoaren arabera, Bizkaiko garraio publikoaren tarifikazio osoa aldatzeko asmoa dago eta bost eremu izan beharrean, hiru eremu egongo lirateke; ondorioz, Larrabetzu 2. tarifa-gunera pasatuko litzateke. Aldaketa ekainerako egitekoa zen.