Larrabetzuar-talde bat Galdakaoko anbulatorioan elkarretaratu da mediku-zerbitzurik ez dutela salatzeko

Aikor aldizkaria 2022ko eka. 29a, 14:16

Urte bi dira Larrabetzuko medikua oporretan dagoenean Osakidetzak ez duela ordezkorik ipintzen. Hori dela eta, larrabetzuarrek Galdakaoko anbulatoriora joan behar dute artatu ditzaten. Aurtengo udan, esaterako, ekainaren 20tik dabiltza mediku barik eta mediku barik jarraituko dute uztailaren 6ra arte. Atzo, ekainak 28, herritar-talde bat Galdakaoko anbulatorioan batu ziren egoerari konponbidea emateko eskatzeko eta kalitateko osasungintza publikoa eta duina aldarrikatzeko.

Galdakaoko anbulatorioaren aurrean elkarretaratzeaz gainera, idatzi bat helarazi zioten osasun-etxe horretako zuzendaritzari. Idatzian, Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren hitzak batu dituzte. Sagarduiren berbek polemika sortu zuten, besteak beste, aditzera eman baitzuen beharbada herritarrek osasun-kultura eta -ohiturak aldatu beharko lituzketela, eta alboko herrietako osasun-zerbitzuetara jo, artatu zitzaten. “Ondoren, gezurrak esaten dituzte Legebiltzarrean. Lehen arretako zerbitzua handitu, indartu eta berritu egingo dutela esaten dutenean, gezurretan dabiltza. Propaganda hutsa da”, idatzi dute. “Osasun sailburuaren planak gure herrian ezartzen ari dira. Hori ez da berria. Orain arte ere mediku-zerbitzu barik egotea jasan behar izan dugu”. Bestalde, adierazi dute aurtengo urtarrilean sinadura-bilketa egin zutela, mediku-zerbitzua urte osoan berma dadila eskatzeko, eta, sinadurak aurkeztuta, Osakidetzaren erantzuna izan zela “COVID-19a zela-eta gainkarga zutela osasun-laguntzari eta -baliabideei dagokienez. Prekarizazioa, murrizketak eta pribatizazioa dira egiten dizkiguten planak”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).