Gogotsu dator Larrabetzuko Gazte Eguna

Aikor aldizkaria 2022ko eka. 30a, 14:45

Larrabetzuko Gazte Eguna udako hitzordurik garrantzitsuenetakoa da eta, pandemiak eragindako geldialdiaren ostean, indartsu eta gogotsu itzuliko da abuztuaren 6an. Hori Bai gaztetxeko kideek egun osoko egitarau zabala prestatu dute, herritarrek zein bisitariek goza dezaten. Musika protagonista nagusia izango da.

Gazte Eguna gogotsu antolatu dute Hori Baiko kideek, baina zuhurtziaz ere bai. “Inguruko kasu askotan ikusten gabiltzanez, bi urtean ospakizun jendetsurik egin ezin izanak ekarri du jaietan-eta inoiz baino jende gehiago elkartzea. Bestalde, guk ere bi urte eman ditugu tamaina honetako egitaraurik antolatu gabe, eta horrek «bertigo apur bat» sentiarazten digu”, azaldu digute. “Pandemia kolpe gogorra izan da gune autogestionatuetarako bai diru-iturri aldetik, bai ekimenak antolatzeari dagokionez. Nolanahi ere, uste dugu horrek indarra ere ekarri ahal digula, zentzu guztietan”.

“Pandemia kolpe gogorra izan da gune autogestionatuetarako, baina horrek indarra ere ekarri ahal digu”

Gazte Eguna uztailaren azken zapatuan ospatu ohi dute; hala ere, Hatortxu Rock uztailaren azken asteburuan egingo da aurten eta horregatik erabaki dute Gazte Eguna abuztuaren 6an egitea. Urte hasieran hasi ziren egitaraua lotzen. “Gutxi gorabehera betiko eskemari jarraitu diogun arren, urteetan ikasitakotik gauzak moldatzen saiatu gara. Era berean, ahalegindu gara gazteez gainera ekintzetan gainerako herritarrek ere parte hartu dezaten, eta beste herri batzuetako gaztetxeak eta gazte asanbladak elkartzeko lekua egiten. Beste aldetik, Gazte Egunean musikak beti izan du garrantzi handia eta aurten ere izango du”. Herritarren parte hartzea ere ezinbesteko du. “Beti bezala, hau guztia ezinezkoa izango litzateke haien laguntza eta elkartasunik gabe. Beti prestasun handia azaltzen dute antolakuntzarako, azpiegiturarako, txandak egiteko…”.

“Ahalegindu gara gazteez gainera ekintzetan gainerako herritarrek ere parte hartu dezaten”

“Hau ezinezkoa izango litzateke herritarren laguntzarik gabe: beti azaltzen dute prestasun handia”

Nahiz eta egitarauaren eskema aurreko edizioetakoaren antzekoa izan, aipatu digute eskaintza berritu dela. “Batez ere musika-eskaintzari dagokionez, gaurkotasuna eta aniztasuna islatzen saiatu gara eta”. Horrela, Kittu taldearen eskutik, Euskal Herriko gaurko eta betiko kantak entzungai izango dira eguerdian, eta arratsaldean elektrotxaranga batek girotuko du jaia. Kontzertua hurrengo talde hauek egingo dute: JMartina, The Lio, Crim eta Xiberoots. Horrezaz gainera, dj-ak izango dira gau osoan: Little Martin Selektah,  Dj Reimmy eta Malakias.

Erreferentea

Gazte Egunaren helburu nagusia da Hori Bai gaztetxeak urterik urte egindako lana ospatzea. Baita gaztetxeen eta gune autogestionatuen garrantzia azaleratzea. Erreferentea da, eta bertan Euskal Herriko hainbat gaztetxetatik etorritako gazteak elkartu ohi dira. “Alde batetik, belaunaldiz belaunaldi egindako lanagatik egunak hartu duen erreferentzialtasuna oso garrantzitsua da. Bestetik, oso giro polita sortzen da herrian, herritar guztiek parte hartzen dutelako eta ekintzek ere horretarako aukera ematen dutelako. Gogo eta mimo handiz egiten dugu Gazte Eguna, eta hori emaitzan nabaritzen da”.

Helburua da Hori Baik urterik urte egindako lana ospatzea eta gune autogestionatuen garrantzia azaleratzea

Azkenik, Hori Baiko kideek argi utzi dute Gazte Egunean ez dagoela erasoetarako eta erasotzaileentzako lekurik. “Eguna guztiok gozatzeko prestatu dugu eta guztiok aletxoa ipini behar dugu giro ona egon dadin. Azkenaldian jai-giroan izaten ari diren askotariko erasoek kezkatzen gaituzte, eta bereziki adierazi nahi dugu ez dugula inolako erasorik onartuko, eta egonez gero, erantzuteko prest egongo garela”.

“Ez dugu inolako erasorik onartuko, eta egonez gero, erantzuteko prest egongo gara”

Egitaraua

12:30 Kittu.

14:30 Bazkaria.

Ostean, olinpiadak.

19:30 Elektrotxaranga.

22:00 Ekitaldia.

22:30: Kontzertuak:  JMartina + The Lio + Crim + Xiberoots.

Gaztetxean Dj-ak gau osoan: Little Martin Selektah + Dj Reimmy + Malakias.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).