Arkitektura eta Hirigintzaren Iberoamerikako Biurteko Sariketa (BIAU) Mexikon izango da irailean. BIAU 12. aldiz egingo da aurten eta finalera ailegatu diren arkitektura-lanen artean Larrabetzuko plazako aterpea dago. BIAUk arreta ipintzen du etxebizitza eta hiriaren bizigarritasuna ardaztzat dituen proiektuetan. “Ohikoaren ertzetan dauden lekuak, praktikak eta biztanleak dira; sistemaren ertzetan eta mugetan daudenak, habitatak eta bertan bizi direnak bateragarri egiteko estrategia berriak nola ehundu erakusten digutenak”. Aurtengo edizioan, bestalde, arkitekturaren balio publikoa eta erantzukizun soziala izango dituzte hizpide, eta, osasun-larrialdiak etxebizitza sozializatzeko gune nagusia bihurtu duenez, aztertuko dituzte bizitzeko moduaren erronkak.