“Larrabetzuko herritarrek medikuari deitu diogu eta erantzun digute medikurik ez zegoela, hitzordua Galdakaoko ospitalean eskatzeko, eta arazoa larria bada, larrialdietara joateko. Webgunearen bidez, hiztordua eskatzeko aukera ere badago, baina erizain batek hartzen du, ez mediku batek. Egoera larria da eta txarrera doa herri txikietan”, esan digu Eunate Guarrotxena elkarretaratzearen antolatzaileetako batek.
Egoera salatzeko, elkarretaratzea egin zuten Galdakaoko ospitalean, ekainean, eta indibidualki ere kexak bidali dituzte, baina ez diete erantzun seriorik eman. Herri txiki batzuetan ere gauza bera gertatzen denez, guztien arteko sarea sortu nahi dute. “Osakidetzak dio baietz, zerbitzua badagoela, baina ez da egia. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak aldaketa kulturala aipatu du, medikuarenera joateko herri txikietakoek inguruko herri handietara joan beharko dugula; eta apurka-apurka, zarata handirik egin gabe, aldaketa burutzen dabiltza”.