Lekuek ez du Euskal Herriko Aizkolaritza Txapelketaren finala jokatuko

a: Idoia Andres 2022ko urr. 3a, 13:51

Beñat Lekue larrabetzuarrak ezin izan zuen atzo Euskal Herriko Aizkolaritza Bigarren Mailako Txapelketarako txartela lortu, bederatzigarren postuan gelditu zelako. Saioa atzo egin zen Larrabetzun, eta Iker Vicente izan zen txapelduna. Finala azaroaren 20an egingo da Markinan.

“Pozik nago. Hasiera ez nintzen fin ibili, baina gero gustura, nire maila eman nuen”, esan digu Lekuek. Saioa Larrabetzuko frontoian egin zen eta giro polita sortu zen harmailetan. “Eserlekuetan, zaletuek zarata handia egin zuten, baina mozten jo eta ke nenbilenez, ez nintzen enteratu. Polita da herrian egitea, ez dit presio handiagorik ekartzen, baina gehiago lan egin behar da dena prestatzeko (kar-kar)”.

Txapelketa Iker Vicentek irabazi zuen erraz, Lekueren esanetan, “beste maila batean dagoelako”. Nafarrak duela urte batzuk utzi zion lehian sartzeari eta orain itzuli da. Bere atzean, David Naredo eta Andoni Iruretagoiena gelditu ziren. Hiru aizkolari hauek ere lortu zuten finalerako txartela: Suharri Rodriguez, Julen Gabirondo eta Patxi Mintegia. Bestetik, Ibon Garaiburu eta Luis Polanco azken bi postuetan gelditu ziren eta Hirugarren Mailan jokatuko dute datorren urtean.

Euskal Herriko finala ez du Lekuek jokatuko; Bizkaikoa, ordea, bai. Saioa San Tomas egunean, abenduaren 21ean, egingo da Bilbon. “Sei aizkolariok baino ez dugu bertan parte hartuko. Bizkaian Lehenengo Mailan nabil eta txapelketa irabaztea zaila izango da. Azkenak maila galduko du eta postu hori ekiditen badut, pozik ibiliko naiz”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).