Euskarari eusteko egiturazko erabaki ausartak aldarrikatu dituzte Larrabetzuk eta gainerako udalerri euskaldunek

Aikor aldizkaria 2022ko abe. 5a, 09:15

Euskaraldia eta Euskararen Egunaren harira, adierazpen bateratua egin dute udalerri euskaldunek; haien artean Larrabetzu dago. Mozioa azaroaren 30eko udalbatzan onartu zuten. Adierazpenean jaso dutenez, “udalerri euskaldunetan euskarari eusteko egiturazko erabaki ausartak behar ditugu, elebitasun orekatua gainditzeko eta oraindik ere hauskorrak diren udalerri euskaldunetan euskarak bidea eta arnasa zabaltzen segi dezan”.

Haien iritziz, “udalerri euskaldunei eustea ezinbestekoa du herri honek, euskararen herria izaten jarraituko baldin badu. Horretarako, udalerri euskaldunak garatzeko erabakiak eta bitartekoak behar ditugu, udalerriei bizirik eusteko. Baina baita udalerri horietan euskarari eusteko ere. Hirigintzan, ekonomian, lurralde antolaketan, kulturan edota turismoa sustatzeko ekimenetan hartzen ditugun erabakiek eragin handiagoa izan dezakete euskararen erabileran eta bilakaera soziolinguistikoan, euskara zerbitzuetatik hartzen diren erabakiek edota egiten den hizkuntza politikoak baino”.  

Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean (UEMA) 300.000 biztanle daude gaur egun. “Ez da nolanahiko zenbakia, Euskal Herrian ekoizten den euskararen erdia udalerri euskaldunetan ekoizten baita. Hemen dago, kuantitatiboki, euskararen errealitatearen erdia. Kualitatiboki, berriz, euskarari hauspoa eta arnasa ematen diote udalerri euskaldunek. Berebiziko garrantzia dute euskararen biziberritzean, transmisioan eta indarberritzean, eta herri honen izaeraren ardatza dira. Euskararen herriak gara, eta Euskararen Herria osatzen dugu denon artean. Euskal Herria. Hizkuntzaren osasuna, ordea, erabilerak erakusten du, eta hor erronka handiak ditugu, gaur bertatik hasita. Hizkuntza ohiturak aldatzeko eta euskara sustatzeko ariketa handia egin dugu azken egunotan bai herritarrek, bai gizarte eragileek zein erakunde publikoek”.

Euskaraldia amaituta, haien ustez, “beste behin ere ederra izan da herri honek euskaraz bizitzeko adierazi duen gogoa. Euskararen biziberritzea, ordea, ezin da ulertu ahalegin indibidualen batuketa moduan. Erakunde publikooi eredu izatea dagokigu, eta herritarrei euskaraz bizitzeko bidea bermatzea eta erraztea”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).