Erlantz Garcia larrabetzuarra Bizkaiko txapelduna izan da gomazko paletan

Aikor aldizkaria 2022ko abe. 19a, 14:32

Asteburu honetan, Bizkaiko pala txapelketaren finalak jokatu dira eta horietan garaipen batzuk lortu dituzte gomazko paletan Larrabetzuko Olarreta Pilota Elkartearen pilotariek. Erlantz Garcia larrabetzuarrak senior kategoriaren lehenengo mailan irabazi du Mikel Artarazekin; emakumezkoen bigarren mailan, Ainara Oyarzabal eta Uxue Urgoiti ere izan dira txapeldunak.

Erlantz Garcia larrabetzuarrak txapelketa ederra egin du Mikel Artaraz zornotzarrarekin batera, ligaxkaren partida guztiak irabazi dituelako. Artarazek urte batzuk daramatza Larrabetzuko klubean. Finala Bakion jokatu zen zapatu goizean, abenduak 17, eta bertan Jon Madariaga eta Ager Urrutia mungiarrak (Danok Bat) hartu zituzten mendean. “Hasiera orekatua izan zen: markagailua 10 eta 8koa izan zen, baina handik aurrera 15 eta 2ko txanpa egin genuen eta azkenean, 25 eta 10 irabazi genuen. Egia esan, indartsu gabiltza, momentu on batean harrapatu gintuzten eta poz-pozik gaude txapelarekin”, esan du Garciak.

Bestetik, emakumezkoen Bigarren Mailako finala Elorrion jokatu zen barikuan, abenduak 16. Ainara Oyarzabal (Usansolo) eta Uxue Urgoiti (Galdakao) ere ez dira larrabetzuarrak, baina sei urte daramatzate Olarretan eta bere izenean sartu ziren lehian. Oyarzabalek eta Urgoitik 30 eta 25 irabazi zieten Naroa Zukaikari eta Janire Zaballari (Olgetan, Orozko). Partida oso gogorra izan zen, oso orekatua, eta lau palista fin ibili ziren. Hala ere, azken txanpan, Larrabetzuko taldekoek hobeto jokatu zuten eta azkenean garaipena lortu zuten.

Olarreta elkartearen palistek txapelketa zoragarria egin dute. Guztira, zortzi bikote sartu ziren final-laurdenetan; horietako bostek final-erdietarako txartela lortu zuten; horietako bik, finalerako; eta biek txapela jantzi zuten.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).