Udalaren hitzetan, aurrekontuak egiterakoan oso gogoan izan dituzte gizarte moduan une honetan dituzten arazoak eta erronkak eta Larrabetzu 2030 Agenda. “Herri euskalduna nahi dugu, askea eta guztiontzako aukera-berdintasuna duena. Herritarrak eta herriko taldeak protagonistak izatea nahi dugu, eta udal-kudeaketan inplikatu daitezen. Herri solidarioa nahi dugu udal-mailan zein ingurunearekin, non ingurumena eta gure sustraiak babesteak lehentasuna izaten jarraituko duen. Gazteei, herri-kulturari eta edukien sorkuntzari laguntzeko apustua egiten dugu, baita memoria historikoa berreskuratzeko lanean jarraitzeko ere”.
Aurreikusitakoaren arabera, diru-sarrerak jasoko dituzte Udalkutxatik (% 54), herriko zergetatik eta tasetatik (% 34) eta dirulaguntzetatik (% 12). Bestalde, udalak aurrekontuen xehetasunak eman ditu ezagutzera. Horrela, 24.000 euro bideratuko ditu 65 urtetik gorako pertsonen osasuna eta arreta hobetzeko proiektu bitara, eta 35.000 euro, kultura- eta kirol-erakundeentzako eta herriko jai-batzordearentzako dirulaguntzetara.
Eskolara 32.000 euro bideratuko dituzte, eta bertan zenbait konpontze-lan eta ekintza egingo dira. Memoria historikoa berreskuratzera 35.000 euroko diru-partida zuzenduko dute. Zehaztutako beste diru-partida batzuk hauek dira: 245.000 euro, kirol-azpiegiturak hobetzera; 7.000 euro, emakumeen ahalduntzea lantzera; 2.500 euro, landare-espezie inbaditzaileak kentzera; 3.000 euro, organikoa batzeko sistema hobetzera; 3.000 euro, etxebizitza eskuratzeko ekintzetara; 8.000 euro, Kulturbilgunera; eta 245.000 euro, aisialdi-azpiegitura berri batera.
Inbertsioei dagokienez, 588.169 euro gorde dituzte herrian hainbat lan egiteko. Aurreko lerroetan aipatu denez, lanak egingo dira eskolan, kirol-azpiegituretan eta aisialdi-gune berri bat sortzeko. Aipatutakoez gainera, 5.000 euro bideratuko dira lurrak erostera; 41.169 euro, auzo batzuetako sarrera hobetzera; eta 15.000 euro, artxiboak digitalizatzera.
Azkenean, gastuak ere zehaztu dituzte: langileak, % 31; Mankomunitatearen zerbitzuak, % 21; taldeentzako dirulaguntzak, % 7; gastu finkoak, % 32; inbertsioak, % 17; eta mailegua, % 1.