Uritarrak taldeak epaile euskaldunak eskatu dizkio Epaileen Elkargoari

Aikor aldizkaria 2023ko urt. 11a, 11:31

Uritarrak Larrabetzuko futbol taldeak gutuna bidali dio Bizkaiko Epaileen Elkargoari, eta horretan eskatu dio Errebale zelaira bidaltzen dituen eskola futboleko epaileak euskaldunak izatea. Klubekoek adierazi dute eskolako hizkuntza euskara dela eta umeek epailearen azalpenak euskaraz jasoz gero hobeto barneratuko dituztela.  

Uritarrak taldearen eskolako entrenatzaileek eta jokalariek euskaraz egiten dute. “Ez da propio hautatu duguna, modu naturalean gauzatzen dugun praktikaren ondorioa baizik. Eta praktika bera partidetan ere egiten dugu: aurkariarekin euskaraz aritzen gara eta % 90ek euskaraz erantzuten digute”, esan dute larrabetzuarrek. 

Uritarrak taldeko arduradunen hitzetan, epailearen lana “pedagogikoa” da, “bereziki” umeekin, eta horregatik da garrantzitsua haiek haurrei euskaraz egitea. “Arautegia batzuetan arrotza da jokalari gazteentzat, baina epailearen azalpenei esker errazago barneratzen dute. Ikasbidean ezinbestekoak diren azalpen horiek gehien menderatzen dugun hizkuntzan jasotzeak barneratze prozesua azkartuko eta aberastuko du”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).