Nahi beste futbol-epaile euskaldunik ez

Aikor aldizkaria 2023ko urt. 26a, 09:13

Uritarra Larrabetzuko futbol-taldeak gutuna bidali zion Bizkaiko Epaileen Elkargori, Errebale futbol-zelaira eskola futboleko epaile euskaldunak bidaltzeko eskatzeko. Jakinarazi duenez, erantzuna jaso dute. “Hitz onak izan dituzte euskararen alde egiten dugun lanarekiko; hala ere, esan digute, haiek ere egunerokotasunean euskararen aldeko jardunbideak sustatzen saiatu arren, errealitatea dela ez dagoela nahi beste epaile euskaldun eta daudenek aktak gaztelaniaz sinatzeko joera dute”.

Bestalde, Epaileen Elkargoak Uritarrako kideak animatu ditu taldeko jokalariak izandakoak epaile-lanetan aritzera animatzera. “Egia esan, jokalari batzuek epaile izateko ikasketak egin dituzte, baina ez dute etekin handirik atera: alde batetik, ez da diru askorik irabazten, eta bestetik, publikoarengandik jasotzen den presioa ez da gustagarria. Klubok, zaleek zein gurasoek hausnartu beharko genuke horri buruz”. 

Uritarra taldeko eskolako entrenatzaileek eta jokalariek euskaraz egiten dute. “Modu naturalean egiten dugu, baita partidetan ere: aurkariekin euskaraz egiten dugu eta % 90ek euskaraz erantzuten dute”. Euren hitzetan, epaileen lana pedagogikoa da, bereziki umeekin, eta horregatik da inportantea umeei euskaraz egitea. “Batzuetan, arautegia arrotza da jokalari gazteentzat, baina epailearen azalpenei esker errazago barneratzen dute: azalpenak ondoen menderatzen dugun hizkuntzan jasotzeak azkartu eta aberasten du barneratze-prozesua”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).