Osasun publikoaren aldeko plataforma aurkeztu da Larrabetzun

Aikor aldizkaria 2023ko ots. 13a, 11:57

Aspaldi honetan herriko osasun-zerbitzuan dauden gabeziek kezkatuta, Larrabetzuko eragile eta herritar batzuek osatu dute LOPA plataforma: Larrabetzuko Osasun Publikoaren Aldeko plataforma. Azaldu dutenez, plataformaren helburua da “osasungintza unibertsalaren, publikoaren eta kalitatekoaren alde egitea, Larrabetzun lehen arreta bermatzea eta hori kalitatekoa izatea”.

Plataformako kideek aldarrikatu duten moduan, “Euskal Herriko gainerako herritarrek legez, Larrabetzuko herritarrok egunero behar dugu lehen arretako osasun-zerbitzua, eta berton jasotzerik ez dugunean, Galdakaora, Usansolora edo Basaurira joan behar dugu; hori traba bat gehiago da gaixorentzat edo joan-etorria egiteko erraztasunik ez duenarentzat. Ondorioz, ez dugu kalitateko arreta-zerbitzurik jasotzen”. Euren ustez, albait arinen zuzendu beharreko egoera da eta, horretarako, hurrengo hauek eskatzen dizkiote Osakidetzari: Larrabetzuko anbulatorioan osasun-zerbitzua egunero bermatzea arreta presentzialaren bitartez; analisi klinikoak eta gainerako oinarrizko artatzeak herrian bertan egitea; hitzordua eskatzea errazagoa izatea eta horretarako aukera gehiago egotea; hitzorduetan atzerapenik ez egotea; eta aurreko guztia bermatzeko, behar adina langile eta baliabide ekonomiko eta material ipintzea. “Osasungintza unibertsalaren, publikoaren eta kalitatekoaren bidez baino ezingo dugulako gure etorkizuna bermatu”.

Bestalde, aipatu dute antzeko egoeran daudela Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako milaka herritar. “Arazoa estrukturala da, ez dio bakarrik lehen arretari eragiten eta aspalditik dator. Urtero-urtero osasungintza publikoa pribatizatzeko hartu dituzten erabaki politikoak dira gaur egun bizi dugun egoeraren erantzuleak”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).