Borja Ramírez EAJren Larrabetzuko alkategaia da udal-hauteskundeetarako

Aikor aldizkaria 2023ko ots. 14a, 12:13

Larrabetzuko EAJren Uri Buru Batzarrak Borja Ramírez Etxebarria maiatzeko udal-hauteskundeetarako alkategai aukeratu du, “udalerrian duen inplikazioagatik eta bere energiagatik”. Horrela, 39 urteko larrabetzuarra alkatetzara aurkeztuko da “Larrabetzuren etorkizuneko erronkei erantzuteko”.

EAJren ustez, Ramírez da hautagairik onena, eta, era berean, Miguel Angel Gazteluren lekukoa hartuko duen hautagai naturala. “Borjak primeran uztartzen ditu gaztetasuna, esperientzia eta ilusioa. Guztiek dakite herrian pertsona inplikatua dela, aktiboa eta hurbila, eta bizitza osoan udalerriko kirol- eta gizarte-sarean parte hartu duela. Larrabetzuko egunerokotasuna ondo baino hobeto ezagutzen du, baita bizilagunen beharrizanak ere”. Ramírezek, bestalde, ilusioz eta ohorez hartu du alderdikideen erabakia eta eskertu die berarengan ipinitako erabakia. Herritarrei mezu hau helarazi die: “Larrabetzukoa naiz eta herri honetan hazi naiz, lan egin eta gozatu dut; nire herria maite dut eta auzokide guztien interesen alde egingo dut lan. Elkarrekin Larrabetzu askoz ere leku hobea bihurtu ahal dugu lan egiteko, partekatzeko, gozatzeko eta bizitzeko. Ilusio, energia eta indar handia ditut eta gogotsu lan egingo dut, Larrabetzu guztiontzat hobea izan dadin”.

Ramirezen esanetan, “gure berezko nortasuna, gardentasuna, zorroztasun ekonomikoa eta kudeaketa ona une oro izango dira gure kudeaketan. Baina haratago joan nahi dugu, eta etorkizunari baikor eta anbizioz begiratzen diogu. Lideratzeko prest gaude, eta Larrabetzu merezi duen aurrerapenera eta ongizatera eramateko. Gure herria hobetu nahi duten pertsona guztiak kontuan hartu nahi ditut, guztion ongizatea desberdintasunen aurretik jarrita”.

Borja Ramírez Etxebarria (Larrabetzu, 1984) Lan Zientzietan lizentziaduna da eta bi graduondo ditu: Lan Arriskuen Prebentzioa eta Gizarte eta Lan Auditoretza. Haurtzaroa Zubitalde auzoaren eta Bidekurtzeta baserriaren (Goikoelexea) artean eman zuen, azken urteak, Iturrikoetxe auzoan. Herriko kultur- eta gizarte-sarean murgildu da betidanik, eta Uritarra futbol-taldeko jokalaria, entrenatzailea eta zuzendaria izan da. Halaber, zerbitzari ibili da udal-igerilekuetan eta -frontoian, eskolako jantokian eta herriko taberna batzuetan. Azken lau urteetan uztartu ditu zinegotzi-lana eta Karraderan memoria historikoa berreskuratzeko taldean egiten duen lana.        

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).