Aurtengo nobedadea da deialdian komikigintza ere sartu dela. Beraz, guztira, 10 idazlek, bost komikigilek, hiru antzerki-konpainiak eta lau zinegilek jaso dute Geuretik Sortuak 2023-2024 sormen-beka. Lehen edizioan moduan, sortzaileek bi urtean garatu beharko dute euren lana, eta horretarako, hiru astera bitarteko sormen-egonaldia egingo dute egokitu zaien udalerrian. Ipuin luzeak sortuko dituzte, 15-20 orrialdeko komikiak, 10-20 minutuko film laburrak eta antzezlanak. Lanek zirkuitu bat osatuko dute: ipuinak eta komikiak bilduma banatan argitaratuko dira; film laburrekin muntaia orokorra egingo da; eta antzezlanak egitasmoan parte hartzen duten herrietan aurkeztuko dira. Zirkuitua udalerri parte-hartzaile guztietatik igaroko da.
Sarasolaz gain, Geuretik Sortuak egitasmoan ibiliko diren sortzaileetako batzuk hauek dira: Edorta Jimenez, Ainhoa Urien, Lutxo Egia eta Maite Aizpurua, literaturan; Goitibehera konpainia, antzerkigintzan; Alba Lozano eta Pette Etxebarria, zinemagintzan; eta Iñaki Martiarena “Mattin” eta Eñaut Aiartzaguena, komikigintzan. Bestalde, sormen-egonaldiak egingo dira, esate baterako, Mutrikun, Zaldibian, Betelun, Uharten, Amoroton, Legution eta Antzuolan.