Txakolinaren Eguna apirilaren 2an izango da Larrabetzun

a: Idoia Andres 2023ko martxoaren 23a

Apirilaren lehen domekan, hilak 2, Txakolinaren Eguna egingo dute XX. aldiz Larrabetzun, eta Txorierriko txakolinaren aurkezpena eta dastatzea izango dira bertan. Ohikoa denez, azokan zazpi ekoizlek hartuko dute parte: Gorka Izagirre eta Sasikoetxe (Larrabetzu); Basalbeiti, Erdikoetxe, Garkalde eta Magalarte (Lezama); eta Magalarte Zamudio. Topa 12:00etan egingo da plazan, Iñaki Suarez herriko sommelierraren eskutik.

Larrabetzuko Udalak jakinarazi duenez, kopak 1,5 euroan salduko dira, eta saldutako kopa bakoitzeko euro bat emango diote Bizkargi dantza-taldeari; taldea laguntzaile dabil prestatze-lanetan. Aipatutako txakolin-egileen postuez gainera, azokan 12 saltoki gehiago ipiniko dira eta ohiko produktuak jarriko dira salgai, hala nola ortuariak, taloa, gazta eta artisau-lanak.