Larrabetzuk ia milioi bat euroko dirulaguntza jaso du udaletxea eraberritzeko

Aikor aldizkaria 2023ko api. 11a, 14:19

Larrabetzuko Udalak iragarri du Estatuko Gobernuak 964.888 euroko dirulaguntza emango diola udaletxea eraberritzeko. Lanek milioi bi balioko dituzte eta, dirulaguntzari esker, erdia ordainduko da. Dirua Pired funtsetatik dator, eraikin publikoak birgaitzeko sustapen programatik, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioaren Berreskuratzeko, Eraldatzeko eta Erresilientzia planaren barruan.

Larrabetzuko udaletxea eraberritzeko proiektua Behark estudioak egingo du, herriko aterpea ere egin zuena, alegia. Udalak lanen lizitazioa udaberrirako egitea espero du eta eraikina, 2025erako bukatuta egotea. “Dirulaguntzak Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari ere eskatu dizkiegu. Eta gainerakoa, udalak ordaindu beharko du. Horretarako 500.000 euroko mailegua eskatu beharko da. Lanak beharrezkoak dira, udaletxea oso zahar dagoelako eta gutxieneko irisgarritasun-baldintzak betetzen ez dituelako, besteak beste, igogailurik ez duelako”, esan digu Iñigo Gaztelu alkateak.

Lanak egin arte, udala Errebale jauregia dabil erabiltzen. Alkateak esan du eraberritzea bukatzen direnean, udaletxea erosoagoa izango dela. “Eraikineko barrukoa erabat aldatuko da. Zerbitzuak beheko solairuan eskainiko dira: auzokideei arreta-zerbitzua, gizarte-zerbitzuak, bake epaitegia... Eta goiko solairuan, batzar-gela ere berrituko da eta alboan erabilera anitzeko gela jarriko da. Eraikinean eguzki-plakak ezarriko dira eta energia berriztatzaileak erabiliko ditu”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).