Kerman Lejarragak boxeo profesionala utzi du

Aikor aldizkaria 2023ko api. 19a, 14:46

Kerman Lejarragak gizarte sareetan gaur iragarri duenez, boxeo profesionala utzi du. Morgarrak boxeo jaialdi ederra antolatu zuen Madrilen, apirilaren 29rako, baina atzo Pzremyslav Runowski arerioak esan zuen ezin izango zela bere kontra egun horretan lehian sartu. Beste aldetik, boxeoa uzteko, Errebolberrak arazo fisikoak argudiatu ditu. “Beti pentsatu dut ehuneko ehuna emateko gai izan ezean boxeoa utziko nukeela. Atzoko gertakariak ikusita, agur lehenago esan beharrean nago”, esan du Lejarragak.

Apirilaren 29ko borroka irabazi ala galdu, Lejarragak aurretik zuen erabakita boxeoa uztea. Boxeolari morgarrari kostatu zaio apirileko borrokarako prestatzea, arazo fisikoak izan dituelako. Hala ere, bere “gertukoek ez lehiatzeko esan dioten arren”, ahalegina egin du sasoian izateko, “agur taulen gainean” esan nahi zuelako. Lejarragak zaletuak izan ditu gogoan, bere “alboan” beti egon direlako, “momentu onenetan eta txarrenetan”. Horren haritik, ez du beste aurkari bat azken momentuan topatu nahi izan, bere hitzetan, “zaletuek merezi ez dutelako”.

Errebolerrak adierazi du sustatzaile ibiliko dela hemendik aurrera. “Banekien uzteko momentua iritsiko zela, eta nahiz eta atzeratzen saiatu, eguna heldu da. Hemen amaitzen da bidaia polit hau;zuen eskutik, nire bizitzaren pasadizo zoriontsuenak izan dira. Boxeoa nire bizitza da, ez noa, baina kirol honen beste aldera pasatuko naiz. Gaurtik aurrera, buru belarri egongo naiz promotore lanetan, atzetik datozen boxeolariei etorkizun oparoa emateko”.

Boxeolariak esan du “burumakur” dabilela, baina “ilusio handiz” egingo dio aurre bere bizitzaren atal berriari. Era berean, zaletuei eskatu die Madrilgo jaialdiari babesa adieraztea, “aspaldi ikusten ez zen boxeo ekitaldirik handiena”. Bukatzeko, eskerrak eman dizkie zaletuei. “Mila esker eman didazuen babes guztiagatik, zuek gabe ez litzateke posible izango heldu naizen lekura iristea, zuek izan zaretelako nire kirol bizitzaren erroa. Eskerrik asko”.

 

34-3

Kerman Lejarragak 1992an jaio zen Morgan eta 2013an debuta egin zuen profesional mailan. Hurrengo sei urteetan ez zuen borroka bat ere galdu eta gaur egun 34 garaipen lortu ditu (horietako 26, KOz) eta hiru porrot. Welter kategorian, Estatuko txapelduna izan da, baita WBA eta EBU elkarteen eta WBC elkartearen txapeldun latindarra ere. Halaber, superwelter kategorian, EBU elkartearen gerrikoa irabazi du. Horri uko egin zion iaz, helburu handiagoak lortzeko: superwelter kategoriako IBO Internacional munduko txapelketa, alegia, baina azkenean ezin izango du horrelakorik lortu.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).